28

Eka / 2013

Ametsezko liburutegia

Autorea:

Egun, liburuzain guztiak etorkizuneko liburutegia irudikatzen ari garela, liburu elektronikoaren mailegutza plataforma imajinatzen, espazio antolatzen ohiko apalategirik gabe, geure burua informazioaren bitartekari bilakatzen…; une egokia deritzot Alberto Manguelek “Ametsezko liburutegi” ari buruz dioena gogora ekartzeko.

Alberto Manguel Donostiatik oihartzunik gabe pasa zen. Luisa Etxenike idazleari esker izan genuen aukera hori. Baina, komunikabideek ez zuten apenas horren berri eman.
Orduko hitzaldiak bere beste liburu batean izan zuen oinarri : “ Liburutegia gauean”. 2008ko urriaren 23an egon zen Donostian. Manguelek irakurketa, liburutegiak, irakurgaiak, izan zituen mintzagai.

2013ko ekainaren 13an 2012ko Espainiako olerkigintza Saria, Antonio Carvajal ere oharkabean pasa da gure hiritik; kazetariek ez dute haren berririk eman. Bai batean, bai bestean, Donostia Kulturaren komunikazio sailak bere eginbeharra ongi bete zuen. Baina, zein kultura mota interesatzen zaie medioei? Zorionez, Antonio Carvajalek argi utzi zuen ez duela ospea helburu, adituen onarpena baizik.

Ba al dago ametsezko liburutegirik?

Alberto Manguelek deskribatzen digun ametsezko liburutegia. “Errege Gorriaren ametsa” liburuan, bat egiten du alde askotan nire ametsetakoarekin. Manguelekin ehuneko ehunean ados ez banago ere, blogera ekarriko dut bere liburuaren atal hori, eta euskaratzen saituko naiz. Atal horren izenburua da: ” Ametsezko liburutegia definitzeko zenbait ohar”. Esaldi laburrez, era  poetikoan ematen ditu oharrak. Azken finean, liburutegiak gustuko dituela eta irakurketaren historian aditua dela jasotzen dugu.

Nire ametsezko liburutegia utopia bat da: Donostiako udal liburutegi berria eraikin bakar batean ikustea.

“Ametsezko liburutegia definitzeko zenbait ohar”

1. Ametsezko liburutegia irakurle batentzat bereziki egina dago. Irakurle guztiek sentitu behar dute beraiek direla aukeratuak.

2.  Ametsezko liburutegiaren atearen gainean Rabelaisen lelo bat dago idatzia. ” Lys ce que voudra” ” Irakur ezazu nahi duzuna”

3. Ametsezko liburutegia birtuala zein materiala  da. Teknologia guztiak onartzen ditu, euskarri guztiak, testu mota guztiak.

4. Ametsezko liburutegia sarbide errazekoa da. Ez eskailera garairik, ez lur irristakorrik, ez ate nahasgarririk, ezta zaintzaile beldurgarririk irakurle eta liburuen artean.

5. Ametsezko liburutegiak eserleku eroso baina irmoak ditu, besoentzako eta guzti, eta bizkaralde makurrak, Frantziako Liburutegi Nazionaleko Labrouste areto penagarrikoak bezalakoak.

6. 1250ean, Fournivaleko Richardek ametsezko liburutegia ” hortus conclusus” batekin konparatu zuen, hau da jardin itxi batekin.

7. Ametsezko liburutegiaren hormak adreiluzkoak edo egurrezkoak dira. Baditu, halaber, beirazko leiho ederrak bista ederrak eskeintzen dituztenak. Liburutegia ez da inoiz “hortus” guztiz “conclusus “.

8. Ametsezko liburutegiak batez ere liburuak ditu, baina ez bakarrik liburuak. Bertan biltzen dira ere mapak, koadroak, objektuak, musika, ahotsak, filmak eta argazkiak. Irakurtzeko lekua da, terminoaren adierarik zabalenean.

9. Ametsezko liburutegian irakurleak eskura ditu apalategiak. Ezustekoren bat aurkitzeko parada eman behar zaio irakurleari.

10. Liburutegi honetan apalak altuera egokian egongo dira beti, ez altuegi ez baxuegi.

11. Ametsezko liburutegian ez du inoiz egingo ez bero handirik ezta hotzik ere.

12. Ametsezko liburutegiak etiketatu gabe antolatzen du.

13. Ametsezko liburutegian ez dago behin-betiko atalik.

14. Ametsezko liburutegiaren mapa bere katalogoa da.

15. Ametsezko liburutegian janaria, edaria eta fotokopiagailuak ugari eta eskura errazak izango dira.

16. Ametsezko liburutegia isolagarria zein gainezkatua da; intimoa eta harreman sozialetara irekia; hausnarketarako, zein elkarrizketarako prestatua; lasai eta oparoa; eruditoa eta galderazalea; askoren desesperazioz josia eta irakurtzeke dagoenaren itxaropenaz jantzia.

17. Ametsezko liburutegiak litekeen liburu ororen promesa gordetzen du.

18.  Ametsezko liburutegian liburu bakoitzak beste baten egiten du oihartzun .

19. Ametsezko liburutegia etengabe berriztatzen den betirako antologia da.

20. Ametsezko liburutegiak ez du inoiz ixten.

21. Ametsezko liburutegian zirriborroak egin daitezke liburuetan.

22. Ametsezko liburutegia era berean jendartekoa eta ezkutukoa da. Klasiko ezagunenak eta ia inork ezagutzen ez dituenak gordetzen ditu.

23. Ametsezko liburutegian irakurleak ezarritako ordena hankaz gora jarri behar du.

24. Ametsezko líburutegiaren liburu kopurua aldakorra da. Alexandriako liburutegian zazpiehun erroilu omen zeuden; Jorge Luis Borgesen liburutegian bostehunera ez ziren iristen; Birkenau konzentrazio esparruko liburutegiak zortzi baino ez omen zituen, baina balio neurtezinekoak.

25. Hormaz, apalez eta liburuz osaturik badago ere, ametsezko liburutegia gure irudimenean dago; gogoan duguna da.

26.  Ametsezko liburutegiak jarraipenezko testua iradokitzen du; ez du hasiera argirik, ezta amaiera asmagarririk ere.

27. Ametsezko liburutegian ez dago debekaturiko libururik, ezta aholkaturikoak ere.

28. Ametsezko liburutegia hurbilekoa egiten zaio bai San Jeronimori, bai Noam Chomskyri.

29.  Ametsezko liburutegian irakurle guztiak, beti, ongi etorriak sentitzen dira.

30. Ametsezko liburutegiko orrialde bakoitza lehenengoa da. Ez dago azkenengorik.

31. Paul Valeryren burmuineko kutxak bezala, ametsezko liburutegian ondorengo izenak dituzten sailak daude: une egokiagoan ikastekoa;inoiz horretaz ez pentsatzekoa;
alferrikakoa bertan sartzea; aztertu gabeko edukia; zentzurik ez duten gaiak; bigarren bizitzan bakarrik azter daitekeen altxorra; premiazkoa; arriskutsua;delikatua; ezinezkoa; utzi; gordea; beste batzuk har dezaten ardura!; zaila, etab.

32.  Ametsezko liburutegiak Babelen madarikazioa desegiten du.

33.  Ametsezko liburutegiak gizarteak irudikatzen duenaren sinbolo da. Gizartea, bere burua ezagutzeko, liburutegien mende dago, horiek baitira gizartearen memoria.

34. Ametsezko liburutegia infinitoraino has daiteke, ez baitu toki fisikorik behar; eta jakintza guztien ezagutza eskain dezake, denbora fisikori ez baitu behar.

35.  Antigualeko hezurtegietan irakur zitekeen: ” zeure burua ikusten duzun eran ikusten dut nik neurea; ikusten nauzun eran ikusiko duzu zeure burua”. Antzekoa esan dezakegu liburutegi idealari buruz eta bertako irakurleez.

36. Ametsezko liburutegia ez da hezurtegi bat.

37.  Antzina liburutegiak apaiz egipziarren ardura ziren. Haiek hildakoen arimei liburuak ematen zizkieten, hildakoen erreinuetan lagungarri izango zitzaielakoan. Ametsezko
liburutegiak funtzio hori ere betetzen du, arimak gidatzeko sortea da.

38.  Ametsezko liburutegiak era berean, berritu eta mantendu egiten du. Ametsezko liburutegia arina da.

39. Zenbait liburu haiexek dira beraiek ametsezko liburutegia. Melvilleren Moby Dick,Danteren Divina Comedia, Chateaubrianden “ Las memoires d’ outretombe”

40. Ametsezko liburutegian ez da iparrorratzik behar. Bere itxura fisikoa bada ere bere egitura intelektuala.

41. Ametsezko liburutegiaren arkitektoa, beste edozerren gainetik, ametsezko irakurlea da.

42. Edozein tiranoren ezinezko helburua ametsezko liburutegia suntsitzea da.

43. Irakurle guztien ezinezko helburua da ametsezko liburutegia berreraikitzea.

44.  Ametsezko liburutegiak ( liburutegi guztiek bezalaxe) zuretzat bereziki idatzia izan zen lerro bat gordetzen du.

Gaur egun, etorkizun igarleek horrelako galderekin etengabeko erasoan ari zaizkiguralik: zertarako liburuz josiriko liburutegiak? Zergatik alferrik galdu leku preziatuak paper inprimatu multzo infinituak gordez?, onuragarri egiten zaigu Alberto Manguel bezalako irakurzale eta liburutegi zaleek idazten dutena irakurtzea.

Irakurle bakoitzak aurki dezala bere ametsezko liburutegia

27

Abe / 2012

Libururik salduenak, irakurrienak … eta ahaztuak

Autorea:

El silencio de los librosGaur egun, gure gizartean oso garrantzitsuak dira zenbakiak. Askok sinisten ez badituzte ere, edonon eskatzen eta agertzen dira estatistika datuak.

Modan dago komunikabideetan plazaratzea libururik irakurrienen zerrenda. Normalean hamar izenburu azaltzen dira, hizkuntza eta fikzioa, ez-fikzioa bereizten direlarik.

Liburutegizainok, libururik mailegatuenak aipatzen ditugu, aholkatzeko, laguntzeko asmoz. Baina,  komunikabideen eragina hain da handia, ezen libururik salduena baita irakurriena ere.

Bestaldean ditugu, berriz, ahaztutako liburuak, edota George Steinerrek dioen bezala : “ Liburuen isiltasuna”

Steinerrek bere saiakera labur honetan liburuek jasaten dituzten mehatxuez ari da, liburuen ahultasunez.Gaur egun mehatxu nagusietako bat da komunikabideen indarra. Berak dio “Komunikabideek bere, egiten ez duten edozein lehen eleberri, edota kritikoek berehala goraipatzen ez dutena, hamabost eguneko tartean desagertua da. Ez dago pentsatzeko astirik, ez dugu sakontzeko denbora ematen… Ez diegu ematen bizitzeko aukerarik.

2012ko abenduan, mailegatuen eta salduenen artean Greyren trilogia famatua daukagu.  Hori dela eta, bat-batean, literatura erotikoaren edizioa ugaritu da nabarmenki. Antzeko zerbait gertatu zen “ Emakumeak maitatzen ez zituzten gizonek” arrakastatsuaren ondoren, iparraldeko lurraldeetako eleberri beltzak gailurra ikutu zuen eta “Código da Vinci– ren ondoren merkaturatu ziren templario eta erlijio sektei buruzko liburu ugari.

Liburutegizainon ardura da beste liburu ahaztu horiek berreskuratzea ; arras ongi baitakigu kalitate handiko liburuak direla.
Hala ere, ez naiz inolaz ere bestsellerrak kentzekoen aldekoa, ez horixe. Egon behar dute liburutegietan ; baina baita bestelakoak ere. Gure lana da klasikoak berreskuratzea eta modu erakargarrian gure apaletan kokatzea irakurleak erakartzeko, bereganatzeko.

Estreinatu da gabonetan Víctor Hugoren ” Los miserables” eleberrian oinarritutako film musikala. Amerikar bertsioa, aktore ospetsuak… Baino, nork irakurri du jatorrizkoa? Zin dagizuet ez dagoela bere handitasunera hurbilduko den aldaki berririk. Victor Hugoren nobela hau ez dago euskaraz.

Antzeko zerbait esan dezakegu “Bel ami” filmari buruz. XIX.mendeko beste idazle batena da: Guy de Maupassantena, Flauberten jarraitzaile bat ; beste ahaztuetako bat! Oraingo honetan, gainera, filmak ez du liburuarekiko leialtasunik, okerrekoa da egindago interpretazioa.
Liburu hauek irakurleei eskaini izanez gero, nekez hartuko zituzten. Baina, asko dira pelikula horiek ikustera joango direnak, edo DVDa maileguan eramango dutenak. Literatura klasikoa ez dago modan.

Baina, zeri deritzogu literatura klasikoa?

Arazoa hemen dagoela esango nuke; askoren aburuz, klasikoez aritzen garenean, Cervantes eta Shakespearez ari garela uste dute.

 Klasikoez ari garenean esan nahi dugu, denboran biziraun duten liburuak direla ; betirako egokiak diren pertsonaiak sortu direla haien orrietan.
Gaur egun, Interneti esker literatura klasikoa eskura daukagu dohanik liburutegi digital handietan: Espainiako Liburutegi Digitala, Kongresuko liburutegian, Frantziako Liburutegi Digitalean, Gallica izenekoa, Europeana… Baina, aukera hau ez dela behar den neurrian baloratzen esango nuke. Badirudi, bakarrik aintzat hartzen dugula kazetariek ekartzen dituzten nobedadeak.

Klasikoak dira jada: Hemingway, Kafka, Heinrich Boll, Ryu Murakami, Juan José Millas, Josef Svorecky,  Mario Soldati, Toni Morrison,  Ralf Ellison, Anais Nin, Naipaul etab.
Antzekoa gertatzen zaigu euskal literaturan. Badaude izenburu ahaztuak: “Mantal urdina”, “Elsa Scheelen”, “Oilarraren promesa” “Ehun metro“…

Liburuzainen bitartekari lana, klasikoen gomendioekin ere egin behar da.

Gabonetan, guztiok oparitzen dugu libururen bat. Ez badago hamar salduenen artean, hobeto!
.